XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) lotsagarri geratu zelakoan han PSOEren gobernuaren jarrera, eta benetako nazioarteko elkartasuna agerian geratu zelako.

Uruguayko agintariei ze kalte egin ote zien horrek, ez dakit, baina hemengoei, zero, eta espetxeak apur bat beteago.

Halako beste garaipen bat, eta geureak egin du, esan zuen Pirro Epirokoak erromatarrei gudaldi odoltsu bat irabazi ostean.

Pirrok behin irabaztearekin nahikoa ikasi zuen: hemen halako garaipenak zenbatzen aspertuta gaude.

BUSHIDO, EDO SAMURAIAREN KODEA

Derrotarik onartzeko ezintasuna lotzen zaio aurrerakuntza eta garaipen-sorta etengabeari.

Kartetan galtzen ari den jokalariaren kasua da ezker abertzalearen muin gogorrarena: milioiak galdu arren ere ezin du jokoa utzi.

Poltsikoak beteta itzuli behar du etxera, bestela alferrik jokatu duela aitortu beharko baitu, eta han segituko du, jasotzen duen briska bakoitza bolada onaren seinaletzat hartuz.

Baina hurrengo partidan atzera ere galdu egiten du.

Hau da: beste hiru lagun kartzelara.

Kartzelak dira, nire ustez, derrotaren alderik argiena eta gogorrena.

Kartzelak gure ezagunez beteta daude.

Eta noiz-edo-noiz baten batek irteten badu, badakigu nola den: ia-ia umiliazioaren truke.

Nolanahi ere, birgizarteratzearen bidea, estua eta iluna izanik ere, erabili beharrekoa iruditzen zait.

Ezin da traiziotzat jo aukera hori.

Itsukeria da hori.

Zinismo, hipokresia eta gezur politiko lotsagarrienen garaian bizi garenean ezin zaie eskatu presoei beste inon inork erakusten ez duen zintzotasun eta integritate ikaragarri hori.

Niri dagokidanez, kartzelatik irten nahi duenak zernahi sinatzen duela ere, ez diot nik sinadura hori aurpegiratuko.